New York

Article on other languages:

del.icio.us del.icio.us
Digg Digg
Furl Furl
Reddit Reddit
Rojo Rojo
Add to OnlyWire

New York

New Yorkeko bandera
Bandera
New Yorkeko armarria
Armarria
Berezko izena City of New York
Herrialdea Ameriketako Estatu BatuakAmeriketako Estatu Batuak
Estatua New York
Alkatea Michael Bloomberg (Err)
Koordenatuak

40°43′N 74°00′W / 40.717, -74 (New York) Koordenatuak: 40°43′N 74°00′W / 40.717, -74 (New York)

Eremua 1.214,4 km2
Garaiera 10 m
UTC-5 (udan -4) Ordu eremua
Sorrera 1625
Postakodea 100xx - NY
Biztanleria 8.168.338 (2004)
Dentsitatea 10.316 bizt/km²
http://www.nyc.gov

New York (ingelesez New York City eta ofizialki The City of New York) Estatu Batuetan bizilagun gehien (8.200.000) dituen hiria da. Izen bereko estatuan dago, Ozeano Atlantikoaren ertzean, Hudson ibaiaren bokalean. Holandesek fundatu zuten 1625ean, merkataritza-helburuetarako gune gisa, eta Estatu Batuetako hiriburu izan zen 1785etik 1790era. Estatu Batuetako hiririk handiena izan da 1790ez geroztik. Hasieran hiria Manhattan uharteko hegoaldean eraiki zen, baina XIX. mendean hiri-bilbea etengabe hedatu zen. Munduko portu natural aproposenetako batean dago kokatuta, eta merkataritza eta finantza gune nagusietako bat da. Horrez gain, New Yorkek mundu osoan eragin itzela dauka hedabide, hezkuntza, entretenimendu, arte, moda eta publizitate arloetan. Halaber, nazioarteko arazoak aztertzeko gune oso garrantzitsua da, eta bertan dago Nazio Batuen Erakundearen egoitza nagusia.

Askatasunaren estatua

"The City that Never Sleeps" ezizena eman diote, "Inoiz lo egiten ez duen hiria" alegia, hiriak gauez duen bizitza dela-eta.

Hiriaren auzune eta ikur asko arras ezagunak dira mundu osoan zehar. Askatasunaren Estatua izaten zen milioika eta milioika etorkinek XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran Estatu Batuetara itsasontziz iristean ikusten zuten lehenbiziko erreferentzia. Wall Street, Manhattan uhartearen hegoaldean, finantza-zentro global nagusia izan da Bigarren Mundu Gerraz geroztik, eta bertan dago New Yorkeko burtsa.

Bestalde, New York hiriaren ezaugarri bereizgarrienetakoa da bertako etxe-orratzen ugaritasuna: munduko eraikinik garaienetako asko hiri honetan aurki daitezke (Empire State Building, esate baterako).

New York kultur mugimendu askoren sorlekua da; besteak beste, Harlem Renaissance, literaturaren eta ikusizko artearen esparruan; espresionismo abstraktua ("New Yorkeko Eskola" gisa ere ezagutua), margolaritzan; eta hip hop, punk, salsa eta Tin Pan Alley, musikan.

Gaueko ikuspegia. Erdian, Empire State Building
Gaueko ikuspegia. Erdian, Empire State Building

Eduki-taula

Hiriko auzoak

Bost barruti nagusiak:, , , ,

New York City bost auzo edo barrutik (ingelesez, "boroughs") osatzen dute: Brooklyn, Queens, Bronx, Manhattan eta Staten Island ("The Five Boroughs").

Barruti bakoitzaren barruan gune oso ezberdinak daude, eta jatorri ezberdineko bizilagunak: txinatarrak, latinoamerikarrak, ekialdeko europarrak... Dena dela, auzo askoren mugak ez daude oso zehazturik.

  • Manhattan: Auzo hau da New Yorkeko auzorik ezagunena, eta ikusgai turistiko gehienen kokalekua. 1.564.798 biztanle eta 59,5 kilometro koadroko azalera dauka. Uharte bat da, 21,5 kilometroko luzera duena (iparraldetik hegoaldera) eta zabalera, berriz, 3,7 kilometrokoa (punturik zabalenean) eta 1,3 kilometrokoa (punturik estuenean). Manhattanek mendebaldean duen muga Hudson ibaia da (ibaiaz bestaldeko lurraldea New Jersey estatua da), eta ekialdean East River.
  • Brooklyn: Hiriaren hego-ekialdean kokatuta dago, Long Island uharte handiaren mendebaldeko muturrean. 2.472.523 biztanle dauzka, eta New Yorkeko auzorik populatuena da. Herbehereetako Breukelen hiriaren izenetik eratorria da "Brooklyn" izena. 182,9 kilometro koadroko azalera dauka.
  • Queens: New Yorkeko bost auzoetatik lurralde handiena hartzen duena da, 282,9 kilometro koadro baitauzka. Populazioa 2.225.486 biztanlekoa du. Auzo hau ere Long Island uhartearen mendebaldeko muturrean dago, Brooklynen ipar-ekialdean. Auzo honetan kokatuta daude New Yorkeko aireportu handienetakoak; alegia, John F. Kennedy International Airport eta La Guardia Airport.
  • Bronx: 1.363.198 biztanle eta 108,9 kilometro koadro dauzka. New Yorkeko bost auzoetako iparraldekoena da. Halaber, bost auzoetatik uharte batean ez dagoen bakarra da. Izena zor dio Jonas Bronck-i, zeina Suediatik iritsitako etorkin bat baitzen, lurralde horretako lehenbiziko biztanlea.
  • Staten Island: 459.737 biztanle eta 151,5 kilometro koadro dauzka. Uharte bat da, Manhattanen hego-ekialdean eta Brooklynen mendebaldean kokatua. Brooklynekin lotuta dago Verrazano-Narrows zubiaren bitartez (bidesaria ordaindu behar da). Staten Islandeko punturik altuena, Todt Hill, era berean New York hiriko punturik garaiena da.

Historia

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: New Yorkeko historia

Lower Manhattan 1660an, New Amsterdam hiriko zati zenean (iparra eskuinean).

New Yorkeko inguruetan gutxi gorabehera 5000 jatorrizko amerikar bizi ziren (lenapetarrak), gaur egungo hiriaren kokalekua Giovanni da Verrazzano italiarrak 1524an[1] deskubritu zuenean. Verrazzano esploratzaile italiarra zen, Frantziako koroaren zerbitzuan ziharduena, eta tokiari "Nouvelle Angoulême" (Angulema Berria) deitu zion.

Toki hori biztanle europarrez populatzen hasi zen herbeheretarrek 1614an larru-merkataritzarako gune bat fundatu zutenean Manhattanen hegoaldeko muturrean, "Nieuw Amsterdam" ("Amsterdam Berria") deitu zutena. 1626an Peter Minuit-ek, Herbehereetako kolonia haren zuzendariak, Manhattan uhartea lenapetarrei erosi zien, 60 florinen balioaren truke.

1664an ingelesek hiria konkistatu eta "New York" izena jarri zioten, York and Albany-ko duke ingelesaren omenez. Ingelesen eta herbeheretarren arteko bigarren gerraren amaieran, herbeheretarrek Run uhartearen gaineko kontrola lortu zuten, ingelesek New York kontrolatzearen truke. Run Indonesiako uharte txiki bat da, eta garai hartan New York baino askoz ere ondasun baliotsuagoa zen, bertako zuhaitzetatik lorturiko espezieei esker.

Independentzia Gerran, hiria zenbait borroka garrantzitsuren gertalekua izan zen. Manhattan iparraldeko Fort Washingtoneko Batailaren ondoren (1776), britainiarrek Ipar Amerikan zeukaten egoitza politiko eta militar nagusia bihurtu zen, okupazio militarra 1783an amaitu zen arte.

Handik gutxira Estatu Batuetako hiriburu bilakatu zen, Estatu Batuetako Konstituzioa berretsi zen eta, 1789an, Estatu Batuetako lehen presidenteak, George Washingtonek, bertan hartu zuen bere karguaren jabetza. 1790erako, New York Estatu Batuetako hiririk handiena bihurtu zen, Philadelphia gaindituz.

XIX. mendean hiriak eraldaketa handiak izan zituen, immigrazioaren eta garapenaren ondorioz. 1811ko plana jarraituz, hiriaren kale-sarea hedatu egin zen, Manhattan uhartearen osotasuna hartzeraino. 1819an Erie ubidea ireki zen eta, horren bitartez, Ipar Amerikaren barrualdeko lurralde eta nekazaritza-merkatu handiak Ozeano Atlantikoarekin komunikatuta gelditu ziren.

Mulberry Street, Lower East Side auzoan, 1900 inguru.

XX. mendeko lehen erdian zehar, New York mundu-mailako zentroa bihurtu zen industria, merkataritza eta komunikazioaren alorretan. 1920ko hamarkadan New York City helmuga nagusitzat hartu zuten afrikar jatorriko amerikar herritar askok eta askok, Estatu Batuen hegoaldetik abiaturiko migrazio handiaren ("Great Migration") garaian. 1916rako, Afrikako diasporak Ipar Amerikan zeukan hiri-kokagune handiena zen New York. Harlem Renaissance mugimendua alkohol-debekualdiaren garaian loratu zen, zeinak denboran bat egin baitzuen "boom" ekonomiko batekin eta horren ildotik etxeorratzen eraikuntzan pizturiko norgehiagokarekin.

2001-09-11 aurreko ikuspegia.

1948an New York hiria munduko hiririk jendetsuena izatera iritsi zen, Londres gaindituz (azken horrek ehun urtez eutsi zion bere nagusitasunari). Gerraren suntsipenak jasan gabe, munduan New York nagusitu zen hiri aitzindari gisa, Wall Street izanik Estatu Batuak munduko botere ekonomiko izaterainoko igoeraren gidari, Nazio Batuen Erakundearen egoitza nagusia (1959an bukatua) izanik New York hiriaren eragin politikoaren erakusgarri, eta New Yorkeko espresionismo abstraktuak Parisen ordez New York ipiniz artearen munduaren zentro gisa. 1980ko hamarkadan finantzen industria indarberritu egin zen, eta horrek hoberantz bultzatu zuen hiriaren zerga-egoera. 1990eko hamarkadan arrazen arteko tirabirak baretuta zeuden, delitu-tasek beherakada ikusgarria izan zuten, eta etorkin-sorta berriak iritsi ziren Latinoamerika eta Asiatik.

New York izan zen 2001eko irailaren 11ko atentatuen gertalekuetako bat: ia 3000 pertsona hil ziren World Trade Center negozio-gunearen suntsipenean. Orube horretan "Freedom Tower" ("Askatasunaren Dorrea") eraikiko da. 2013an bukatuta egongo dela aurreikusita dago.

Arkitektura

New York hiriarekin loturarik estuena duen eraikin-mota etxeorratza da. Hain zuzen ere, etxeorratzaren agerpenaren ondorioz aldatu zen New Yorkeko hiri-paisaia, Europako tradizioaren ildoko etxe txikiz osaturiko hirigune bat izatetik negozio-auzoetan gailenduriko bertikaltasunera.

2008ko abuztuan, New Yorkek garaiera handiko 5694 eraikin dauzka, eta horietatik 48 dira 200 metro baino gehiagoko garaiera duten etxe-orratzak, jadanik guztiz eraikita daudenak. Alegia, munduko beste edozein hirik dauzkanak baino gehiago.

Arkitekturaren ikuspegitik nabarmentzekoak diren New Yorkeko eraikinak estilo askotakoak dira. Horien artean, aipatzekoa da Woolworth Building (1913), "Gothic Revival" estiloko etxe-orratza, espaloitik ikus daitezkeen xehetasun gotiko ugariz hornitua.

Atzeraguneen adibide bat: New Yorker hotelaren eraikina
Atzeraguneen beste adibide bat: Chrysler Building

Equitable Building eraikitzean sortu zen arazo larriari aurre egiteko asmoz 1916an onetsiriko arau batek ("Zoning Resolution") ezarri zuenez, handik aurrera eraikitzekoak ziren etxe guztiek atzeraguneak behar zituzten izan; hau da, eraikin batek, bere garaierako puntu ezberdinetan, "lodiera" ezberdina behar zuen izan, halako moduan non goragoko solairuen azalera txikiagoa izango baitzen beheragokoena baino. Horren ondorioz, eraikin garaiek harturiko itxura da "koska" ezberdinez osatuak egotearena. Antolaketa horren helburua zen modua egon zedila eguzkiaren argia espaloietaraino iritsi ahal izateko. Art Déco estiloko Chrysler Building (1930) eraikinaren diseinuak (zenbat eta garaiago iritsi, orduan eta estuago bilakatzen da eraikina, gailurrean daukan altzairuzko orratz batean amaitzeraino) baldintza horiek betetzen ditu. Eraikin horixe bera da, historialari eta arkitekto ugariren iritziz, New Yorkeko eraikinik onena, dituen apaingarri arras bereizgarriak kontuan harturik. Nazioarteko estiloko eraikinei dagokienez, Estatu Batuetako adibiderik argienak dira Lever House (1952) eta Seagram Building (1957), azken hori Ludwig Mies van der Rohe arkitektoarena.

Kultura

Hedabideak

Hiri senidetuak

Newyorkar ospetsuak

Erreferentziak

Kanpo loturak


Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
New York

This article is from Wikipedia. All text is available under the terms of the GNU Free Documentation License.